XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELEAK

Lehert edo zanpart

KIKE DIEZ DE ULTZURRUN

Duela zortzi egun Madrilen eztanda egin zuen autoaren ondotik gaizki erranka hasi zaizkigu Espainiazale amorratuak.

Ez da, inolaz ere, gauza berria.

Gustora dabiltza, kalapitan eta oilartuta.

Halako atentatuaren zain zeuden, euren benetako pentsamoldea agertzeko.

Izan ere, COPEko gaueko tertuliakideek hauxe leporatu digute euskaldunoi: hiltzaile izatea, ergelak, XXgarren mende honetako naziak, bildurti hutsak, terroristen hezitzaile ikastoletan eta gisako andana luzea.

Eliza da irrati horretako nagusia, eta, dagokion heinean, behintzat, erantzunkizun puska bere baitan beharko du Sebastian jaunak, hots, Iruñeko artzapezpikuak.

Berori ados al da irratsaio horretan erraten direnekin? Coll humorista, bertzalde, GALzale sutsua azaldu zaigu eta, torero izandako gizon batek, azkenik, bota du odola dela afera konpontzeko bide bakarra.

Estatu tzar beltza, bitartean, kontent dabil, izugarri gainera.

Bere estrategia betetzen ari da, pake giroa arrotz zaio Euskal Herriari, eta Erkidearenak egin du.

Eutsi egin beharko zaio, beraz.

Botuak galdu arren, zinegotzi eta parlamentari postuak gutxitu arren, "ez dugu etsiko, ez jauna, Ablitasen Ataungo politikamolde berbera eramanen dugu, harro gainera, erabateko askatasuna eta demokrazia sozialista erdietsi artean.

Irabaziko dugu, baita Euskal Herriak zapartutako edozein auto bonbaren itxura hondatua eta txikitua agertzen baldin badu ere.

Amen.